Homeless Film Festival jaialdiaren 9. edizioa hasi da

Captura de pantalla 2024 11 13 a las 10.19.43 2

Hasi da Homeless Film Festival 2024 jaialdiaren jardunaldirik berezienetako bat Bilboko Bizkaia Aretoan. Berezia, bi egunez gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsonek aktore diren antzerki eta filmez gozatzeko aukera izango delako.

Goizeko ekitaldia Bizitegiren Zenbatu konpainiarekin hasi da, Errekalde auzoko Arima konpainiarekin elkarlanean. Dagoeneko Homeless Film Festivalen ohikoa da Zenbatu, eta gaur “Debajo del puente” antzezlana aurkeztu du, zuzeneko musikarik onena eta elkarrizketak tartekatuta. Antzezlanean, gizarte bazterketako hainbat egoera salatu dituzte, sistema patriarkala oinarri hartuta. Izan ere, Ivan Iparragirre obraren zuzendariak azaldu duen bezala, zubia beti izan da gizarte bazterketa jasaten duten pertsona guztientzako aterpea. “Zubiaren azpian jendez betetako mundu bat dago”, abestu dute.

Ondoren, IES Ibarrekolanda BHIko Batxilergo Artistikoko ikasleek dantza eskaini dute, goizeko ekitaldiaren protagonistaren emanaldia hasi aurretik. Izan ere, Bizitegiren Kuskurrum konpainia ospakizunetan da, mende laurdena bete baitu. Lehenik, zuzendariak, Clotilde Perezek, urte hauetako hainbat pasadizo eta esperientzia kontatu ditu, eta, jarraian, Kuskurrumeko kideek “25 años de Kuskurrum Teatro” obra aurkeztu dute, konpainiak 25 urte hauetan antzeztutako antzezlan guztien errepasoa.

Aurten ere, azaroa Homeless Film Festival jaialdiaren sinonimo da Bilbon. Eta hau hasi besterik ez da egin. Arratsaldean, antzerkiaren festak jarraituko du Bizkaia Aretoan.

* Homeless Film Festival EITB Taldeak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak babestu dute; Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak kofinantziatu du; eta BBK Fundazioaren laguntza jaso du.