Gizarte bazterkeriako egoerak ikusarazteko laburmetraiak itxiera ekitaldian
Blue Velvet Gospel Singerseko abeslariek eman die hasiera 10. urteurreneko azken jardunaldiari. Xabier Madariagak aurkeztuta, Homeless FIlm Festival jaialdiaren amaierako ekitaldiak gogoan izan du jaialdiaren zergatia: etxerik gabeko pertsonen egoera.

Arratsaldea zinema sozialari zuzenduta egon da, eta bertaratutako ikusleek profesionalek zein afizionatuek egindako film laburrez gozatu ahal izan dute. Lehenengo minutuak Bizitegiren zine tailerretan egindako lanentzat izan dira: Aurkiguneko bideoklipa eta “Apaga y vámonos” eta “Trisalida” laburmetraiak.
10. edizio honetan ere, Santurtziko Zinemaldian Kalean saileko irabazlea omendu da. Izan ere, Bizitegiko erabiltzaileek, Santurtziko zinemaldiaren barruan, gizarte-balioak hobekien islatzen dituen film laburrari ematen diote saria. Oraingoan, Elixabet Nuñezek zuzendutako “A-Maniki” film laburra saritu dute.
Jarraian, Miren Gabantxok eman dio pasea unibertsitateko lanen zatiari. Gabantxok jaialdiaren hasierako ediziotik parte hartu izan du Homeless Film Festival jaialdian. EHUrekin lankidetza gero eta estuagoa ikusarazi da, eta honi esker, ikasleek gertutik ezagutzen dute Bizitegiko erabiltzaileen egoera, film laburrak egiteko inspirazioa ematen baitie. Horren erakusgarri da saria jasotzean ikasle irabazleek erakutsi duten esker ona. Nobedadea izan da aurten Deustuko Unibertsitatearein egindako lankidetza, Gizarte Hezkuntza eta Gizarte Laneko Fakultateko ikasleak ere urteurren borobil honen parte izan dira.

Deustuko Unibertsitateko eta EHUko fakultate desberdinetako ikasleen lanen artean, ondorengoak izan dira sarituak:
- EHUko Gizarte Hezkuntza Fakultateko “Ciudad sin descanso”
- Deustuko Unibertsitateko Gizarte Hezkuntza eta Gizarte Laneko Fakultateko “Entre la sombra y el azar”
- EHUko Medikuntza eta Erizaintza fakultateko “Azken muga”
- EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko “Abre los ojos”
Arratsaldeak aurrera egin du Iñigo Cobok zuzendutako “El camino arriba” film labur dokumentalaren etreinuarekin. Mendia aisialdi inklusiboaren esperientzia eta bizipena dela azpimarratzen duen dokumental honek, lortutako azken tontorraren historia erakusten du. Estreinaldia txalo zaparrada artean jaso du zinema sozialaren arratsaldeak.

Aretoa beteta, HOGAR SIk ekoitzitako “Lo que nadie quiere ver” dokumentala aurre-estreinatu da 10. urteurreneko itxieran. Dokumental labur honetan, Alejandra Gere eta Richard Gere Espainiako etxegabetasunaren errealitate gordinean murgiltzen dira, ikusezin bihurtu direnei ahotsa emanez, besteak beste, Mamen, Latyr, Javi eta Peperi.
Arratsaldeko harri bitxien artean iritsi da Sail Ofizialeko film labur irabazleaz gozatzeko unea. Aurten “Au dessus des rails” laburmetrai frantsesa izan da saritua, Tom Vallejok zuzendutako laburmetraia. Vallejo Bizkaia Aretoan izan da gaur, jaialdiaz gozatu eta jasotako Besarkada sariagatik oso eskertuta agertu da.
Jaialdiaren 10. urteurreneko itxiera Bizitegiko Aitor Ipiñak egin du. Azaldu du Homeless Film Festival jaialdiaren helburuetako bat parte-hartzea izanik, hainbat adierazpen artistikotan parte hartu dela, helburu komun batekin: Bizkaia inklusiboago eta anitzago baterantz egitea; gizarte atseginago baterantz.

Homeless Film Festival jaialdiak ikusleen emozioak astintzea lortu du beste behin, eta ezinegonez itxaroten du hurrengo edizioa.