Homeless Film Festival jaialdiak hamar urte bete ditu etxegabetasuna eta gizarte-bazterketa egoera agerian uzten
Homeless Film Festival jaialdiaren hamargarren edizioa urriaren 16 eta 25ean eta azaroaren 12, 13 eta 20an ospatuko da. Hamargarren edizio honetan, Bizitegi elkarteak zinemaren eta antzerkiaren bidez, lehen lerrora dakar etxerik gabeko eta gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonen errealitatea. Homeless Film Festival jaialdiak EITBren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa du.
Urriaren 16an emango zaio hasiera Homeless Film Festival jaialdiari Bilboko Golem Alhondiga zineman Ekain Irigoien donostiarrak zuzendutako Hijos de Dios dokumentalarekin. Urriaren 25ean aldiz, Bilboko BBK Aretoan, Mujereando arte konpainiak Callejones Sin Estrellas antzeztuko du.
Urteurren borobil hau ospatzeko, Bizitegik erakusketa bat antolatu du Bilboko Metroarekin elkarlanean, hamar edizio hauetako ibilbidea herritarrengana hurbilduz. Urrian Zazpikaleak – San Nikolas geltokian egongo da ikusgai eta azaroan Indautxun.

12 eta 13, jaialdiko egun handiak
Azaroaren 12ko jardunaldia antzerkiari eskainiko zaio oso-osorik, goizez zein arratsaldez. Kuskurrum antzerki konpainia arduratuko da jardunaldiari hasiera emateaz Son las 45 y 10 antzezlanarekin. Jarraian, Ivan Iparraguirreren zuzendaritzapean, Zenbatu antzerki taldeak Dime la verdad antzeztuko du. Urtero legez, IES Ibarrekolanda BHIko Arte Eszenikoen Batxilergoko ikasleek dantza ikuskizun bat eskainiko dute eta Gure Arima antzezlanak emango dio bukaera goizari, Auzo Arima konpainiaren eskutik.
Arratsaldean, Ander Lipusek zuzendutako Miñan antzeztuko du Artedrama konpainiak; Sambou Diaby, Eihara Irazusta, Mikel Kaye eta Lipus bera aktore lanetan. Artedramak antzerkira egokitutako lan hau Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da, Amets Arzallusek lehen pertsonan kontatua. Antzezlan honek kritika sozial argia egiten du migrazio-politikak, kanporatze-prozesuak eta migratzaileen deshumanizazio joerak agerian utziz.

Film laburrak protagonista
Azaroaren 13rako, zinema ardatz izango duen jardunaldia prestatu dute antolatzaileek. Goizean, Iñigo Cobok zuzenduta, Bizitegin ekoiztutako film laburrak ikusi ahalko dira. Bestalde, Santurtzi Zine Jaialdiko Kalean sariaren laburmetrai irabazlea, ikastetxeetako ikasleek egindako film labur sarituak (Artxandape Ikastola, Begoñazpi Ikastola, IES Ondarroa BHI eta CIFP Meka LHII) eta Tom Vallejoren Au dessuss des rails, sail ofizialeko laburmetrail irabazlea, proiektatuko dira.
Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, Bizitegin ekoitzitako film laburrez gozatzeko aukera izango da berriz ere, baita Santurtzi Zine Jaialdiko Kalean sarituaren film laburra. Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Deustuko unibertsitateko ikasleek egindako film laburrak proiektatuko dira.
Izan ere, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak, Medikuntza eta Erizaintzakoarekin batera, Gizarte Hezkuntzako ikasleekin, Homeless Film Festival jaialdian hartu dute parte. Gainera, 10. urteurrenak, Deustuko Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko Gizarte Hezkuntzako ikasleen parte hartzea ere badu.
Arratsaldeko emanaldi hau Xabier Madariagak aurkeztuko du, eta Homeless Film Festivaleko Sail Ofizialeko Besarkada Saria banatuko da. Au dessus des rails film laburragatik, Tom Vallejo zuzendaria izango da saritua.
Camino Arriba estreinaldia, Bizitegik ekoitzitako film labur dokumental berria.
Lan honek Bizitegiko mendi taldearen esperientzia eta jarduerak eguneroko bizitzan sortzen duen ongizatea erakusten ditu.
Bizkaia Aretoan egingo den bigarren jardunaldiari bukaera emateko, ikusleek edizio honetako eskaintza berezienetakoaz gozatu ahalko dute; Richard Gere eta Alejandra Silvaren Lo que nadie quiere ver film labur dokumentala. Barru-barrutik filmatuta, dokumental honek benetako istorio gogorrak erakusten ditu, hainbat hamarkadatan kalean bizi izan direnen eta orain etxebizitza batean errekuperatzen dabiltzanen istorioak; zintzotasunez erakutsiz kaleko bizitzak zer suposatzen duen, protagonistek nola sufritzen duten eta etxebizitza-irtenbideek eta programa pertsonalizatuek nola funtzionatzen duten.Jaialdiaren 10. edizioa azaroaren 20an amaituko da Gemma Blasco zuzendariaren La Furia luzemetraiarekin, Santurtziko Cine Clubarekin kolaborazioan, Santurtziko Serantes Kultur Aretoan.