Urteurren borobila ospatuta, Homeless Film Festival 10. edizioa bukatu da
Homeless Film Festival jaialdiak, zinemaren eta antzerkiaren bidez, lehen lerrora ekarri du etxerik gabeko egoeran dauden pertsonen eta gizarte-bazterketako egoeren errealitatea hamargarrenez.
Bizitegik antolatzen duen jaialdi honek, arte eszenikoen bidez inklusioari eta gizarte-eraldaketari bide ematea du xede, eta aurten 10. edizioa ospatu da, hamarkada oso bateko ibilbidea.
Parte hartzaile zein ikusleekin eraman da aurrera bazterkeriaren inguruko gogoeta kolektiboa, eta artearen bidez sortu dira topaguneak eta hausnarketarako guneak. Film laburren ekoizpena eta proiekzioa sustatzeaz gain, jaialdiak antzezlan berriak sortu eta taularatzeko aukera ere eskeini du, bazterketa egoeran dauden pertsonak ahalduntzeko eta bizi dituzten errealitateei ahotsa emateko.
Homeless Film Festival jaialdiak eskerrik beroena adierazi nahi die beste behin jaialdi hau posible egin duten guztiei: antzezle eta zuzendariei, ikasle eta irakasleei, sortzaileei, antolatzaileei eta ikus-entzuleei. Guztiok elkarrekin eraikitako jaialdia da hau, bazterkeriaren aurkako leiho bat: egoera agerian jarri eta artearen bidez ikusarazi.
Hamargarren edizio honek ere erakutsi du zein garrantzitsua den elkarlanean jarraitzea. Datorren urtean berriro elkartuko gara hausnarketarako, sorkuntzarako eta inklusiorako espazio berriak sortzeko. Gonbidatuta zaudete, berriz ere, Homeless Film Festival jaialdiaren parte izatera!