Zinema soziala belaunaldi berriei hurbilduz
Antzerki eta zinema sozialak jarraipena izan dute Homeless Film Festival jaialdiaren egun handian, Bilboko Bizkaia Aretoan. Gaurko egunean protagonista nagusiak film laburrak izan badira ere, goizeko ekitaldia IES Ibarrekolanda BHIko ikasleek antzeztutako “Nork lotu zaitu gurdi honetara?” antzezlanarekin hasi da.
Dantzaren eta elkarrizketen bidez, sistema kapitalista eta heteropatriarkalak emakumeei ezartzen dizkien kateak salatu dituzte. Ibarrekolandaren ekitaldiak Homeless Film Festivalen derrigorrezko hitzordu dira jada, eta horren erakusle da antolakuntzaren aldetik jaso duten aitorpena.
Jarraian, publikoak film laburren maratoiaz gozatzeko aukera izan du. Ikusleak, aurreko urteetan bezala, Artxandape Ikastola, Begoñazpi Ikastola, IES Rekalde BHI, IES Ibarrekolanda BHI, IES Ondarroa BHI, CIFP Tartanga LHII eta, berrikuntza gisa, CIFP Meka LHII ikastetxeetako ikasleak izan dira. Guztiak izan dira protagonista goizeko emanaldi honetan.
Lehenik, Bizitegiko erabiltzaileek zinema tailerretan egindako film laburrak ikusi ahal izan dituzte. Julen Aedo gizarte hezitzaileak azaldu duenez, Bizitegiren film laburren tailerra da Homeless Film Festivalen oinarria, zinema gizarte diskriminazioari aurre egiteko tresna gisa hartzen dutelako. Azpimarratu behar da erabiltzaile horiek beren istorioak egiteko duten grina, haiek sortzen baitute lan guztia, ideia zaparradatik hasi eta postprodukzioraino. Ikusleen txalo zaparrada jaso dute lanok; aurtengoak, “Atraco a la nostalgia” eta “Míralas” izan dira.
Ondoren, gazteak zinema sozialaren garrantziaz kontzientziatzeko, Beto Valek zuzendutako «El extraño caso del hombre bala» film laburra proiektatu da, Sail Ofizialeko irabazlea. Zuzendaria bera Madrildik Bizkaia Aretora joan da bere obra aurkeztera eta bertaratutako publikoarekin hitz egitera.
Goizeko emanaldiari amaiera emateko, ikastetxeek egindako film labur finalistak proiektatu dira. Ikastetxe bakoitzetik film labur saritu bat hautatu eta proiektatu da: IES Ondarroa BHIren «Jakaren dantza», IES Rekalde BHIren «Integrazio soziala», Artxandape Ikastolaren «Izatearen borroka aurrera», Begoñazpi Ikastolaren «Argiak», IES Ibarrekolanda BHIren «Gainazalaren azpian», CIFP Meka LHIIren «Papel xamurra» eta CIFP Tartanga LHIIren «Bera bezala».
Artista gazte horiek egindako lanen kalitateak azken hilabeteetan beraiekin batera egindako dinamika balioetsi du.