Zinema soziala Homeless Film Festival jaialdiaren bigarren egunean

Zinema soziala protagonista da 10. Homeless Film Festival jaialdiaren egun handian Bilboko Bizkaia Aretoan. Ikasleak protagonista diren goiz honetan Bizitegiko erabiltzaileek ekoitzitako film laburrak ikusi ahal izan dituzte, baita jaialdiak saritutako zenbait labur eta nola ez, ikastetxeetako lan irabazleak.
Bizitegik ekoitzitako laburmetraiek eman die hasiera goizari, Aurkiguneko bideoklipetik hasita, “Trisálida” eta “Apaga y vámonos” lanak eman dira. Ikusleen txalo zaparrada jaso dute lanek.

Parte hartzaileen artean nobedadeak izan dira aurten, Fundación Peñaskal Sarrikue eskolak parte hartu baitu urteurreneko ekitaldi honetan. “Fronteras invisibles” laburmetraia aurkeztu dute, etorkin gazteen gizarteratzearen inguruan hausnartzera gonbidatzen duen lana. Bizitegik ikuspegi sozialarekin jaialdi honetan eskainitako espazioa eskertu dute eta argi utzi dute mugak ez direla mapa bateko lerro soilak. Paperak direla, hizkuntzak eta jendearen begiradak. Mugak gogorrak direla, baina ametsak are indartsuagoak. Migratzaile izatea bizitza berri bat hasteko kemena izatea dela.
Bideo bidez aurkeztu da jarraian Elixabet Nuñez. Eta bere A-Maniki film laburra jarri da; Kalean saria jaso duen laburmetraia. Gero eta digitalizatuagoa den gizarte honetan, nahi ez den bakardadeari eta adinekoen ikusezintasunari buruzko kontzientzia sortzen du lan honek.
Estreinaldia ere izan du goiz honek, Iñigo Cobok zuzendutako “El Camino Arriba”. Bizitegik ekoitzitako dokumental honek, mendiaren alde egiten du aisialdi inklusiborako esperientzia eta bizipen gisa. Lortutako azken tontorra erakusten.

Gainera, EiTBk babestuta, Besarkada saria eskuratu du Tom Vallejo zuzendariak sail ofizialean aurkeztutako “Au dessus des rails” lanagatik. Etxebizitza faltaren errealitate gordina da labur hau, substantzien abusuagatik eta ezegonkortasun mentalagatik kontroletik irtetzen den bizimodu bat erakusten du.

Goizeko emanaldiari amaiera emateko, Homeless Film Festival jaialdian parte hartzen duten ikastetxetako ikasleek egindako film laburrak proiektatu eta saritu dira. Ondorengo lanak izan dira irabazleak:
- Begoñazpi Ikastolaren ‘ Benetako lorea”
- Artxandape Ikastolaren ‘Aldaketa nabaria ’
- IES Ondarroa BHIren ‘Homeless’
- CIFP Meka LHIIren ‘El banco’

Goiza, aurkezleek esan bezala, gozatzeko, hunkitzeko eta hausnartzekoa izan da. Homeless Film Festival jaialdiak emozioz beteriko egitaraua dakar arratsaldean. Bikaia Aretoan itxarongo zaituztegu!