Bizitegik Homeless Film Festivalaren zazpigarren edizioa aurkeztu du

3Q3A1743 1

Homeless Film Festival jaialdiaren zazpigarren edizioa azaroaren 23an eta 24an izango da Bilboko Bizkaia Aretoan. Beste urte batez Bizitegik antolatutako jaialdiak proposamen erakargarri bat prestatu du, azken urte hauetan egindako lanekin berritua. Beraz, antolatzaileek zinema eta antzerkia maite duten pertsona guztiak jaialdira hurbiltzera animatzen dituzte.

3Q3A1743

Igor Martín de Vidales eta Alba Etxenagusia (Ibarrekolanda BHI), Miren Gabantxo (UPV/EHU), Aitor Ipiña (Bizitegi) eta Georgina Salgadok (taller de cortos Homeless) hartu dute parte aurkezpen prentsaurrekoan.

Gizarte gaiak lantzen dituen zinema eta antzerki jaialdi honek arreta berezia jartzen du etxerik gabeko gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonengan.

BBKren, Santurzine jaialdiaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen, Deustuko Unibertsitatearen, eta ikastola eta ikastetxeen (Begoñazpi Ikastola, Artxandape Ikastola, IES Ibarrekolanda BHI, IES Ondarroa BHI, IES Rekalde BHI) lankidetza duen ekimena da.

Antzerkia protagonista lehen egunean

Azaroaren 23ko jardunaldia bere osotasunean antzerkira bideratua egongo da. Bizitegiko antzerki taldeetako bat, Kuskurrum, izango da jaialdiari hasiera emateko ardura izango duena, beste urte batez Clotilde Perezen zuzendaritzapean “Cuando no hace falta decir nada…más”, antzezlana aurkeztuko dutelarik.

Ondoren, edizio honetako une berezienetako bat bizitzeko aukera egongo da, Ibarrekolanda BHIko Arte Eszenikoko Batxilergoko ikasleek “Zuen aulki hutsak gure noraeza” antzezlana aurkeztuko baitute. Igor Martin de Vidalesek zuzendutako lanak emakume etxegabeengan jartzen du arreta, eta esperientzia errealetan oinarritutako kontakizun bat aurkezten du.

Arratsaldean Zenbatu antzerki konpainiak egingo du bere agerpena, urtero lez jaialdiarekin duen zitarekin bat eginez. 2022ko ekitaldirako Ivan Iparraguirrek gidatutako taldeak “Si me das a elegir” antzezlana prestatu du. Lehen egun honi bukaera emateko, Ibarrekolanda BHIko ikasleek berriz ere “Zuen aulki hutsak gure noraeza” lana antzeztuko dute.

Zinema bigarren jardunaldiko protagonista

Azaroaren 24rako, antolakuntzak zineman zentratuko den jardunaldi bat prestatu du, antzerkiari ere toki txiki bat egingo zaion arren. Goizeko lehen orduan Santurzine jaialdiaren Kalean atalean aukeratutako laburmetraien, Bizitegin ekoiztutakoen eta sail ofizialaren proiekzioa eskainiko da. Era berean, goizean ere ikastetxeetako ikasleek (Arxandape Ikastola, Begoñazpi Ikastola, IES Rekalde BHI, IES Ibarrekolanda BHI, IES Ondarroa BHI) egindako lan finalistak proiektatuko dira. Goizeko paseari bukaera emateko Zenbatu konpainiak berriz ere “Si me das a elegir” antzeztuko du.

Arratsaldean, 19:00tatik aurrera berriz ere Santurzine jaialdiaren Kalean atalean aukeratutako eta Bizitegin ekoiztutakoen eta sail ofizialeko lanen proiekzioa eskainiko da. Arratsaldeko saio hau Xabier Madariaga kazetariak gidatuko du, eta bertan ere proiektatuko dira Unibertsitateko ikasleek (UPV/EHUko Gizarte Zientzia eta Komunikazioko eta Bilboko Hezkuntza Fakultateak eta Deustuko unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultatea) egindako lanak.

Horrez gain, jaialdiaren sail ofizialeko Besarkada Saria emango da, eta sail ofizial honen baitan publikoak edizio honetako plater nagusi batez gozatu ahal izango du, Susan Bejarrek zuzendutako Distancias film laburra alegia, 2021eko Goya eta Oscar sarietako shortlist-ean aurre-aukeratua izan zena.