Homeless Film Festivalek 11.º edizioa aurkeztu du

HOMELESS FILM FESTIVAL 3715 web 2 2

Homeless Film Festivalak 11. edizioa ospatuko du, hamar urtean 11.000 lagun baino
gehiago bildu ostean etxegabetasunaren eta gizarte-bazterkeriaren inguruko begirada
eraldatzeko

BEGIRATU BATEAN

— Bizitegik antolatutako jaialdiaren 11. edizioa urriaren 25etik azaroaren 26ra bitartean
egingo da, Bilbon, Santurtzin eta Reinosan.
— Hamar ediziotan (2016-2025), jaialdiak 11.380 pertsona bildu ditu: lehen edizioko 120
bertaratuetatik 2025eko 1.894 ikusleetara igarota, bere publiko-errekorra hautsi du.
— Patxo Telleriaren Kandida (Tartean Teatroa) antzezlanarekin abiatuko da, eta egitarauan
izango dira, besteak beste, 2025eko Canneseko Zinemaldian saritutako Urchin eta Tallinn
Black Nights jaialdiko Sari Nagusia irabazi zuen La buena hija.
— Aurtengo Besarkada Saria Pablo Olewskiren Catorce bajo derecha da, etxebizitzari eta
osasun mentalari buruzko benetako gertaeretan oinarritutako film laburra.
— Jaialdiak herritar guztiei irekitako kalitatezko kultur ekitaldi gisa sendotzen jarraitzen du,
kultura bera tresna hartuta etxegabetasunaren eta gizarte-bazterkeriaren inguruko begirada
hurbiltzeko eta eraldatzeko.

Homeless Film Festivalak, Bizitegik antolatutako zinema eta
gizarte-antzerkiko jaialdiak, 11. edizioaren egitaraua aurkeztu du. Urriaren 25etik azaroaren
26ra bitartean egingo da Bilbon, Santurtzin eta Reinosan, Bizkaiko Foru Aldundiaren,
Kultura Ministerioaren eta EITBren babesarekin.


Hamar edizioren ostean bere proposamena erabat finkatuta, Homeless Film Festivalak
herritar orori irekitako kalitatezko kultur jaialdia izateko apustua berretsi du aurten ere,
kultura baliatuz etxegabetasunaren nahiz gizarte-bazterkeriaren gaineko begirada hurbildu
eta eraldatzeko asmoz. Egindako bidea bermatzen du: 2016an 120 pertsona bertaratu
zirenetik, 11.380 pertsona bildu ditu jaialdiak lehen hamar edizioetan, eta 2025ean lortu
zuen publiko kopururik handiena, 1.894 pertsonarekin. Hezkuntzaren dimentsioa
nortasun-ezaugarri bat izan da: ikastetxe, lanbide-heziketa eta unibertsitateko 2.500 ikaslek
baino gehiagok parte hartu dute film laburrak egiten 2017 eta 2025 bitartean. Gainera, 1.400
film labur baino gehiagok parte hartu dute jaialdian 2016 eta 2025 artean.


«Jaialdi honen helburuetako bat sentsibilizatzea da, eta, une honetan inoiz baino gehiago,
sentsibilizatzea humanizatzea da: pertsonen aurpegiak ikustea arazoak baino lehen,
pertsonak beti lehenengo egon behar direla sentitzea», dio Aitor Ipiña Gallastegui Bizitegiko
gerenteak.

URRIAK 25 · ‘KANDIDA’ LANAK IREKIKO DU JAIALDIA BBK SALAN

Jaialdia urriaren 25ean hasiko da, 19:30ean, Bilboko BBK Salan, Patxo Telleriaren Kandida
antzezlanarekin. Tartean Teatroak ekoitzitako lana da, eta Miren Gaztañaga, Nerea Mazo
eta Mikel Martinez ditu aktore. Joan den otsailean Arriaga Antzokian estreinatu ostean,
Kandida Homeless Film Festivalera helduko da emanaldi-bira berri bati hasiera emateko.
Lanak Klararen istorioa kontatzen du: idazle gazte horrek elkarte baten bidez ezagututako
Manuela izeneko emakume baten bizipenetan oinarritu du bere eleberria,
zaurgarritasun-egoeran dagoen emakume batengan, alegia. Liburua argitaratzen den
gauean, Manuela haren etxera agertuko da, eta fikzioko protagonistak egiten duena berak
bizitza errealean egin dezan eskatuko dio. Planteamendu horrek zuzen-zuzenean egiten du
bat Homelessen hausnarketa nagusiarekin: nola begiratzen diegun, nola kontatzen ditugun
eta nola erlazionatzen garen pertsona zaurgarrienekin.

«Kandida lanarekin galdetzen diogu geure buruari zer gertatzen den bazterketaren
errealitateak gure kontzientziaren atea jotzen duenean. Istorio hau jaialdiaren egitarauan
abian jartzeak are zentzu sakonagoa ematen dio, ikusleari nola erlazionatzen garen eta
pertsona zaurgarrienenganako zer ardura hartzen dugun aurrez aurre jartzen saiatzen
baita», dio Patxo Telleria lanaren egile eta zuzendariak.

AZAROAK 5 · CANNESEN SARITUTAKO ‘URCHIN’, GOLEM ALHÓNDIGAN

Azaroaren 5ean, 19:00etan, Golem Alhóndiga zineman Urchin filma emango da, Harris
Dickinson aktoreak zuzendari gisa egindako lehen film luzea. Lanak FIPRESCI Saria
eskuratu zuen 2025eko Canneseko Zinemaldian, eta Frank Dillane protagonistak, berriz, Un
Certain Regard saileko aktore onenaren saria irabazi zuen. Filmak Miken istorioa dakar
pantailara: Londresen etxerik gabe bizi den eta espetxetik atera ondoren bere bizitza
berreraikitzen saiatzen den gazte bat da. Etxegabetasunaren inguruan aurten gehien
goraipatu den lanetako bat bilakatu da.


Halaber, Urchin film laburra urriaren 19an proiektatuko da, 18:00etan, Reinosako Antzoki
Zaharrean, EAPN Kantabriak antolatutako Pobreziaren aurkako Astearen baitan.

AZAROAK 11 · SAIOA BERTAN BEHERA

Etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorraren deialdia dela eta — zuzenean eragiten
eta interpelatzen gaituen arazoa da pertsona etxegabeekin egiten dugun eguneroko lana
dela eta —, antolakuntzak egun honetarako aurreikusitako jarduera eta ekitaldi guztiak
bertan behera uztea erabaki du.

AZAROAK 12 · FILM LABURREN EGUNA BIZKAIA ARETOAN

10:00etatik aurrera, Bizkaia Aretoak film laburrei eskainitako goizeko saioa hartuko du
ikastetxeetako eta lanbide heziketateko publiko zabalarekin. Bertan proiektatuko dira
Bizitegik berak ekoitzitako film laburrak eta Lanbide Heziketa eta ikastetxeetako
proposamen finalistak.


19:00etan Homeless Film Festivaleko film laburren gala izango da. Bertan film laburren
taldeak egongo dira. Laura Vega eta Juanfer Andresen You no Mashallah proiektatuko da

(Usman izeneko paperik gabeko migrante gazte baten istorioa, beste askok bezala familia,
lagunak eta sorterria atzean uzten dituena). Halaber, Kalean Sariaren irabazle den film
laburra eta Pablo Olewskiren Catorce bajo derecha proiektatuko dira; azken hori Sail
Ofizialeko Besarkada Saria jaso duen lana da, etxebizitzaren eta osasun mentalaren arteko
harremana jorratzen duen benetako gertakarietan oinarritua. Saio horretan, gainera,
Bizitegik berak ekoitzitako bi film labur eskainiko dira: El Club eta El Semanario.


Amaiera-ekitaldia Xabier Madariaga EITBko kazetariak aurkeztuko du.
«Jaialdiko une berezienetako bat izango da azaroaren 12an Bizkaia Aretoan egingo den
Homeless Film Festivaleko gala, proiektatuko diren film laburrak aurkeztuko dituzten
ekoizpen-taldeekin. Homeless Film Festivalak kalitatezko kultur jaialdi izaten jarraitu nahi du,
herritar guztiei irekia», dio Mónica Fandiño López Homeless Film Festivaleko arduradunak.

AZAROAK 26 · ‘LA BUENA HIJA’ LANAK ITXIKO DU JAIALDIA SANTURTZIN

Homeless Film Festival azaroaren 26an agurtuko da Santurtziko Serantes Kultur Aretoan,
18:00etan eta 20:30ean egingo diren emanaldiekin, Cine Club de Santurtzirekin elkarlanean.
Saio horietan Júlia de Paz Solvasen La buena hija proiektatuko da; filmak 2025eko Tallinn
Black Nights Zinemaldiko Sari Nagusia eta Kiara Arancibiarentzako emakumezko aktore
onenaren saria irabazi zituen.

Erakunde antolatzailea: Bizitegi.
Erakunde babesleak: Bizkaiko Foru Aldundia, Kultura Ministerioa eta EITB.
Erakunde laguntzaileak: BBK Fundazioa, Metro Bilbao, Bilboko Udala, BBK Women’s
Hostel, Golem, Teatro Campos Elíseos, Santurtzi Zine Jaialdia, Cine Club de Santurtzi.
Informazio gehiago: 688 85 48 86 / homelessfestival@bizitegi.org / homelessfestival.org