VOTAMOS

25913 02

“Jasotako sari guztietatik Santurtziko zinema jaialdiko Kalean sekzioan Bizitegik emandakoak eragiten digu poz handiena”

“Sariak oso garrantzitsuak dira bozgorailu lana egiten dutelako eta ikusgarritasuna ematen digutelako”

Santiago Requejo ‘Votamos’ film laburraren zuzendari eta gidoilaria da. Atariko batzar batetik abiatuta esaten duguna eta egiten duguna benetan gauza bera den hausnartzera gonbidatu nahi gaitu. ‘Votamos’ Goya sarietarako aurrehautatua izan da eta dagoeneko jaialdi askotan sariak jaso ditu.

 

Santi rodando 3 1

-Ezagutzen zenuen aurretik Homeless Film Festival?

‘Votamos’ egin artean ez ginen jaialdietako zirkuituan mugitzen, baina orain erabat murgilduta gaude. Homeless Film Festival-en berri izan nuen Santurtziko jaialdirako hautatu gintuztenean; han sekzio ofiziala eta Kalean sekzioa irabazi genituen. Azken hori gizarte-bazterkeria bizi duten pertsonekin lan egiten dutenek osatzen dute, eta haiek eman zidaten Bizitegi eta Homeless Film Festivalaren berri zabala. Izan ere, jasotako sari guztietatik Santurtziko zinema jaialdiko Kalean sekzioak emandakoak eragiten digu poz handiena.

 

-Film labur honen helburua oso argia da, ezta?

Bai. Film labur honen helburua da buruko gaixotasunak dituzten pertsonekiko estigmak ezabatzea. Oraindik tabua da; izan ere, datu batzuen arabera buruko gaixotasunen bat duen %48k ez du hori publiko egiten. Eta, egia esan, edozeinek izan dezakegu halako arazoren bat bizitzan zehar. Hori horrela onartu eta ulertu behar dugu. Gainera, oso presente izan behar dugu halako gaixotasunen bat duten pertsona gehienak, tratamendu egokia hartuz gero, ondo bizi daitezkeela.

 

-Eta zer erakutsiko digu film labur honek?

Ez dizuet guztia kontatuko. Nahiago dut zuei honako galderak egitea: “Uste dugun adina toleranteak gara?”, “Nola jokatzen dugu gure esparru propioan, sare sozialen bozgorailuetatik kanpo?”, “Kontsekuenteak gara?”. Azken finean egiten duguna gara eta ez horrenbeste esaten duguna. Dokumental honek ikuslea ispiluaren aurrean jarri nahi du. Eta hausnarketa hori bideratu daiteke, baita ere, bestelako ezaugarriak dituzten pertsonetan fokoa jarrita arrazan, erlijioan… Ariketa garrantzitsua da.

 

-Zer suposatzen du ‘Votamos’ Goya sarietarako aurrehautatua eta zinema jaialdi askotarako aukeratuta egoteak?

Sinistu ezinik gaude, baina oso pozik. 10 jaialditan parte hartu dugu eta dagoeneko 22 sari jaso ditugu. Oraindik jaialdi asko gelditzen dira. Gaur egun Estatuan film labur ugari eta oso onak egiten dira, eta horietarako gu aukeratu izana saria da guretzat. Ezbairik gabe uste dugu landu dugun gaia unibertsala dela eta jende askori eragiten diola.

 

Goya sariei dagokionez, niretzat, ekipo tekniko eta artistikoarentzat zein inguratu zaizkigun guztientzat ikaragarrizko saria litzateke Espainiako zinemaren egileek gai honen alde besoa altxatuko balute. Horrela, guztion artean, buruko gaixotasuna duten pertsonek bizi duten estigma ezabatzeko pauso garrantzitsua emango genuke; eta, bide batez, nahiko nuke egunen batean haiek behar duten tratamendua lehen mailako arretan artatu ahal izatea.

 

Sari horiez gain, oso-oso pozik gaude astero eskola, elkarte edo udaletxeen deiak jasotzen ditugulako film laburraren gainean galdetzeko. Hain zuzen ere, sariak oso garrantzitsuak dira bozgorailu lana egiten dutelako eta ikusgarritasuna ematen digutelako.

 

-Eta zer nolako lan artistikoa egin duzue?

Egia da. Film laburra egin duen lantaldean hain barneratuta dugu lanaren helburua, batzutan ahazten dugula zinemaz hitz egiten gabiltzala. Istorio hau 11 minutuko plano sekuentzia bakarrean grabatzea erabaki nuen, ikuslea atariko bizilagun bat bezala sentiarazteko. Lantaldea eta aktoreak itzelak izan dira.

 

-Benetazko gertaera batetik abiatzen da?

Egia esan, bai. Psikiatrak diren ezagun batzuen bitartez jakin nuen hemen, Madrilen, auzotar batzuek buruko gaixotasuna zuen pertsona bati etxea ez alokatzeko presioa egin zutela. Hori jakin ostean etxera jo nuen, hasi nintzen pentsatzen, eta konturatu nintzen nik ere aurreiritziak nituela. Gaiari buruzko dokumentazioa batzen hasi nintzen eta azkenean beste pertsona batzuek hausnarketa egin dezaten lan hau egin dut.