MUJEREANDO

mujereando

“Homeless Film jaialdi bete-beteena da; zinema eta antzerkia batzea ideia aparta da”

“Antzerkiak sendatzen du, barrukoa askatu. Eta ikusezina den jendeari ahotsa ematea oso boteretsua da”

Carmen Tamayo López gizarte-langilea, aktorea eta Sevillako Mujereando antzerki taldeko sortzailea da. Horrez gain, kalean bizi diren umeen esperientzia kontatzen duen izen bereko dokumentalaren arduradunetako bat ere bada. Beraiek banatzen duten dokumental hau mundu osoko jaialditan eskaintzen dabiltza.

 

-Aurretik Homeless Film Festival-ean egonak zarete, ezta?

Bai. 2017an gure proiektua azaltzera joan nintzen. Eta 2018 eta 2019an Mujereando taldeak hainbat dantza ikuskizun eraman genituen Homeless Film Festivalera: ‘El quejío de una diosa’ lehen urtean; eta ‘Invisibles’ eta ‘El quejío’ bigarrenean.

 

-Homeless Film Festival-ean etxean bezala sentitzen zarete?

Hala da. Asko maite dugu. Gure helburu berdina du: etxerik gabeko pertsonak ikustaraztea. Gure kasuan, emakumeak. Horregatik gaude pozik eta hunkituta zuekin dokumentala estreinatzeko.

 

-Gainera, Homeless FF da zinema eta antzerkia batzen dituen jaialdi bakanetarikoa. Zer deritzozue?

Oso garrantzitsua deritzot. Zinemak indar handia dauka, baina antzerkia oso boteretsua da baita ere agertoki gainean dagoenarentzat. Antzerkiak sendatzen du, barrua askatu. Eta kasu honetan, ikusezina den jendeari ahotsa ematea oso boteretsua da. Horregatik, gure ustetan asmatu dute bi diziplinak batzerakoan; Homeless Film Festival da ezagutzen dudan jaialdi bete-beteena.

 

-Ziurtasunez esan duzu, nork eta zuk azken aldian jaialdi askotan egon izan ostean…

Bai. Sinesgaitza da dokumentala jasotzen dabilen harrera; are eta gehiago inork ezagutzen ez gaituenean eta guztia guk geuk egin dugunean, baita dokumentalaren banaketa ere. Eta dagoeneko mundu osoko 50 jaialdi baino gehiagotan egon gara.

 

-Nola sortu zen dokumental hau egiteko ideia?

Konpainiako emakumeen eskaera zen bizi izandakoa eta oraindik bizi dutena kontatzea beste emakume batzuek gauza bera ez sufritzeko. Dokumental bat egiteko proposamena egin nien, eta bat egin zuten.

 

-Nolakoa izan da esperientzia?

Guk parte hartzen dugun Cuenta3 Comunidad Creativa elkarteak Imagina Cine izeneko taldea ere badauka. Hala, talde txiki bat osatu eta lanean hasi ginen. Harritzekoa izan zen haien erantzuna: uste genuen lotsatuko zirela, baina alderantzizkoa izan zen, elkarrizketak ikaragarriak oparitu zizkiguten. Nik, aspaldiko lagunak baditut ere, ez nituen kontatutako hainbat eta hainbat pasarte ezagutzen. Niretzat dokumentalaren balio handia elkarrizketak dira, nolatan biluztu ziren.

 

-Eta nola bizi dute haiek orain?

Oso ondo. Haien bizitzak erabat aldatu dira. Haietako batzuk lanean daude, emozionalki egonkortuta daude, bizitza duina daukate eta haientzat hain garrantzitsua dena, giltzak dauzkate poltsikoan. Argi eta garbi dokumentalak izan du eragina hobekuntza horretan.

 

-Hala, arteak pertsonak sendatu ditzake…

Bai. Artea eraldatzailea da, batez ere antzerkia. Eta etxerik gabeko pertsonek behar dute emozionalki berreraiki eta ahalduntzea, horrela kaletik irteteko pausoa emateko.